Odola (osagai guztiekin). Odola oso kopuru handian galdu denean erabiltzen da.
Globulu zuriak. Bakterioek edo onddoek eragindako infekzio larriak dituzten gaixoei sartzen zaizkie, batik bat hezur muineko transplanteak edo minbiziaren aurkako terapiak egin ondoren agertu diren infekzioei aurre egiteko.
Globulu gorriak. Botiken bidez sendatu ezin den anemiaren aurkako tratamenduetan erabiltzen dira, hala nola anemia artritis erreumatoidearekin edo minbiziarekin lotuta dagoenean, eta baita zeluletako gaixotasunetarako ere. Istripuetan, ebakuntzetan edo erreduren eraginez globulu gorriak galdu direnean ere egiten dira transfusioak.
Plaketak. Hezur muina narriatuta dagoenean eta transplantea egin denean, kimioterapia tratamenduetan, eta leuzemia duten gaixoekin erabiltzen dira.
Plasma. Obstetrizia arazoen eraginez odola galdu denean, bihotzeko ebakuntzetan, eta gatzapen arazoei aurre egiteko erabiltzen da. Likidoak galdu direnean edo infekzioak eta gaixotasun immunologikoak tratatzeko ere erabiltzen da.