Odol-ematea legez araututako prozesua da, eta emaileari zein hartzaileari kalterik egingo ez zaiela bermatuta egiten da. Espainian, odol-emateak 1088/2005 Errege Dekretuaren bidez araututa daude.

Baimena. Dokumentu honen helburua da argi eta garbi adieraztea emaileari jakinarazi zaiola zein diren emaileek nahitaez bete beharreko baldintzak (arrazoi baztertzaileak), emaileak adierazi duela baldintza guztiok betetzen dituela, eta emaileak baimena eman duela odol-ematea egiteko. Osasun langileek emailearen zalantza guztiak argituko dituzte, eta emaileak egia esan beharko du eta modu arduratsuan jokatu beharko du prozesu osoan zehar. Emaileak, edozein unetan, odola emateko erabakia atzera bota dezake edo bere odoletik ateratako osagaiak erabil ditzaten debeka dezake, erabakia justifikatu gabe.

Analisiak. Baimenean adierazitakoaz gain, emaile potentzialari analisiak egingo zaizkio, hartzailearentzat kaltegarria izan daitekeen osasun arazorik ez duela egiaztatzeko.

Osasun egoera orokorra. Odola emateko bazterketa-arrazoietako batean ere ez egotea.

Adina (18-65 urte). 65 urtetik gorako pertsonek ere odola eman dezakete, odola ateratzeaz arduratuko den medikuaren baimenarekin.

Pisua. (Gomendagarria) 50 kilotik gora (55 kg, aferesi bidezko odol-emateetan).

Tentsio arteriala eta pultsua. Odol-ematea egiteko muga egokien baitan.
- Tentsio diastolikoa (baxua). 50-100 mm Hg
- Tentsio sistolikoa (altua). 90-180 mm Hg
- Pultsua (bihotz taupaden maiztasuna). Erregularra, 50-110 taupada.

Hemoglobinaren balioak.

- Gizonezkoak. >135 gramo/litro
- Emakumezkoak. >125 gramo/litro

Sendagaiak. Odol-ematea egin aurreko 5 egunetan azido azetilsalizilikoa (aspirina) edo hanturaren kontrako beste sendagairik hartu ez izatea (aferesi bidezko odol-emateetan bakarrik).

Elikadura. Odol-ematea egin aurreko egunetan gantz askoko elikagairik jan ez izatea, fruitu lehorrak barne (aferesi bidezko odol-emateetan bakarrik).

Plaketak eta proteinak. Balio normalak.
- Plaketak: >150.000/cm3
- Proteinak: >6 g/dl (aferesi bidezko odol-emateetan bakarrik)p

Behin betiko baztertzeko arrazoiak

1. Odolaren bidez kutsa daitezkeen gaixotasunak. Odolaren bidez kutsa daitezkeen gaixotasunak dituzten edo izan dituzten pertsonak edo halako gaixotasunen eramaile kronikoak: B hepatitisa (azaleko antigenorik ez duten eta immuneak direla froga dezaketen pertsonak salbu), C hepatitisa, GIB/HIESa, erretrobirusa, Kala Azar, Chagas-en Gaixotasuna, Babesiosia, edo Creutzfeldt Jacob-en Gaixotasuna edo familiako historia (gaixotasunaren aldaerak edo Entzefalopatia Espongiforme Kutsakorra barne).

2. Gaixotasun larriak.
- Gaixotasun larriak dituzten edo izan dituzten pertsonak: bihotz-hodietako gaixotasunak, ugal eta gernu aparatuko gaixotasunak, gaixotasun hematologikoak (koagulopatia hemorragikoaren historia…), gaixotasun metabolikoak, giltzurrunetako gaixotasunak, eta arnas aparatuko gaixotasunak.
- Intsulina-mendeko diabetesa, minbizia, edo arterietako hipertentsio larria duten pertsonak.

3. Kornea transplanteak edo xenotransplanteak.
- Kornea edo duramater transplantea egin duten pertsonak, edo giza jatorriko hipofisi hormonak jaso dituzten pertsonak.
- Xenotransplantea egin duten pertsonak.

4. Droga kontsumoa. Mediku agindurik gabe drogak zainetan edo muskuluetan barrena sartu izan dituzten pertsonak, muskuluak handitzeko esteroideak edo hormonak barne.

5. Sexu jokabide arriskutsuak. Beren sexu jokabidea dela-eta odolaren bidez infekzioak transmititzeko arrisku handia duten pertsonak (prostituzioan aritu izan diren pertsonak, edo bikotekide ez egonkorrarekin edo emaile izateko baldintzak betetzen ez dituen norbaitekin izandako sexu harremanetan antisorgailurik erabili ez duten pertsonak).

6. Erresuma Batua eta kasu bereziak.
- 1980tik 1996ra bitarte gutxienez urtebetez Erresuma Batuan bizi izan diren pertsonak.
- Erresuma Batuan edo paludismoa, HIESa, HTLV infekzioa eta Chagasen gaixotasuna endemikoak diren herrialdeetan transfusio aurrekariak dituzten pertsonak.

Behin-behineko baztertzeko arrazoiak

3 urte
· Epilepsiaren aurkako tratamendua jaso ondoren edo azkeneko krisiaren ondoren.
· Paludismoa. Gaixotasuna izan duten pertsonak eta paludismoa diagnostikatzeko proba molekular immunologiko edo genomiko batean emaitza negatiboa jaso dutenak. Bost urte bete bitarte eremu paludikoan bizi izan diren pertsonak, eremu endemiko batetik itzuli diren pertsonak, eremu endemikora egindako bisita batean edo hurrengo sei hilabeteetan diagnostikatu gabeko sukarraren aurrekariak dituzten pertsonak (probaren emaitza negatiboa bada, behin-behineko bazterketa aldia 4 hilabetekoa izango da).

2 urte
- Tuberkulosia, Bruzelosia, Sukar erreumatikoa, Osteomielitisa, edo Q sukarra sendatu ostean.


Urte 1

Immunosupresore bidezko tratamenduen ondoren: metrotrexate, ustekinumab prosiasi edo artritis erreumatoiderako.

6 hilabete

- Erditu zein abortu baten ondoren. 
- Toxoplasmosia sendatu ondoren.

4 hilabete

- Odol osagaien transfusioa. Giza jatorriko ehunen edo zelulen transplantea. Kirurgia handia.
- Odol zipriztina mukosetara edo orratz zauria.
- Endoskopia bat egin ondoren, material malguarekin.
- Osasun kontrolik gabeko tatuajeak, piercingak (zuloak gorputzean), akupuntura.

- Paludismoaren edo chagas-en gaixotasunaren eremu endemikoak bisitatu dituzten pertsona asintomatikoak.

8 aste

Zenbait txerto hartu ondoren (gripearen eta COVID-19aren aurkako txertoek ez dute kontraindikaziorik).

28 egun
· Egonaldia Mendebaldeko Niloko Birusaren eremu endemikoan.

15 egun

- 38 gradutik gorako sukarra. Pseudogripea. Infekzioak oro har.

Aste 1
 
Hortz bat edo agin bat atera ondoren. Kirurgia txikia.

Sendagaiak hartu ondoren; 848 422 570 telefonoan galdetu.