Aitzindari hematopoietikoen donazioetan giza ehunen erabilera arautzen duen 1301/2006 Errege Dekretuan ezarritako araudia bete behar da. Donazioa isilpeko ekintza da, eta doan egiten da, soilik helburu terapeutikoekin. Donazioak emailearen bizilekutik ahal bezain gertu dauden zentro baimenduetan baino ezin dira egin, Estatuko mugen baitan betiere.

Hasierako baldintzak. Boluntarioak oinarrizko datuak emateko prest egon behar du (adina, bizilekua, telefono zenbakia, eta historia kliniko laburra), eta baita REDMOko datu basean eta Munduko Emaile Boluntarioen Sarean emaile gisa agertzeko prest ere, jakinda bere identitatea 13/1999 Lege Organikoak babestuko duela.

Osasun egoera orokorra. Hezur muina 18 urtetik 40 urtera bitarteko pertsona osasuntsu guztiek eman dezakete. Hau da, bihotz-hodietako gaixotasunak, giltzurrunetako gaixotasunak, biriketako gaixotasunak, gibeleko gaixotasunak, edo etengabeko tratamendua behar duten gaixotasun kronikoak ez dituzten pertsonek eta B hepatitisaren, C hepatitisaren, edo hartutako immunoeskasiaren sindromearen (HIESa) birusak detektatzeko analisietan emaitza positiborik izan ez duten pertsonek.

Info gehiago:  Herzur-muineko emaile izan nahi dut

Probak. Emaileak odol lagin bat atera diezaioten utzi beharko du, bere histobateragarritasun ezaugarriak aztertzeko. Gainera, laginaren zati txiki bat gorde dadin baimendu beharko du, etorkizunean gaixo bateragarri bat agertzen bada berriro odola atera gabe haren azterketan sakondu ahal izateko.

Boluntario bakoitzak bere kasua kontsulta dezan komeni da, izena eman aurretik. Kontuan hartu behar da, bestalde, ez dela komeni patologia jakin batzuk dituzten pertsonek hezur muina ematea, baina ez dagoela arazorik odol periferikoa emateko (eta alderantziz).

Gaixotasun baztertzaileak. Izena eman aurretik, emaile potentzial guztiek egiaztatu egin beharko dute honako gaixotasun hauetakoren bat ez dutela:

- Kontrolatu gabeko hipertentsio arteriala
- Intsulina-mendeko diabetes mellitusa
- Bihotz-hodietako, biriketako, gibeleko eta odoleko gaixotasunak, edo donazioan arrisku gehigarriak eragin ditzaketen gainerako patologiak.
- Tumore gaiztoak, gaixotasun hematologikoak edo gaixotasun autoimmuneak, hartzaileari kutsatzeko arriskua dagoelako.
- B edo C hepatitisaren birusa, HIESaren birusa edo beste eragile kutsakor batzuk (infekzioa).
- HIESaren arrisku faktoreak (antigorputzak, anti-GIB, positiboak, drogak zainetan barrena hartzea, sexu harremanak pertsona askorekin, bikotekideak aurreko ezaugarriren bat izatea, hemofilikoa edo hemofiliko baten bikotekide sexuala izatea, lesioak material kutsatuarekin -azkeneko urtean-).
- Odol-emaile gisa behin betiko baja eman izatea.

Kontraindikazioak odol periferikoaren aitzindarietan

- Begietako hanturen (iritisa, episkleritisa) edo fibromialgiaren aurrekariak izatea
- Zainetako tronbosi sakonaren edo biriketako enboliaren aurrekariak edo arrisku faktoreak izatea.
- Tratamendu litiodunak.
- Plaketa kopurua balio normaletik behera egotea (<150.000/cm3)

Behin-behineko kontraindikazioak

-    Haurdunaldia. Erditu ondoren eta edoskitzaroa amaitu ondoren emaile izan daiteke.
-    Gatzatzearen kontrako tratamenduak (aspirina, dipiridamol edo antzekoak), iraupenaren arabera.
-    Beste batzuk. Gizentasun morbidoa, lepoko edo bizkarrezurreko malformazioak, alergia anestesiari eta familiako entzima eskasia.

Hezur-muineko emaile izan nahi dut