Aitzindari hematopoietikoen donazioetan giza ehunen erabilera arautzen duen 1301/2006 Errege Dekretuan ezarritako araudia bete behar da. Donazioa isilpeko ekintza da, eta doan egiten da, soilik helburu terapeutikoekin. Donazioak emailearen bizilekutik ahal bezain gertu dauden zentro baimenduetan baino ezin dira egin, Estatuko mugen baitan betiere.
Hasierako baldintzak. Boluntarioak oinarrizko datuak emateko prest egon behar du (adina, bizilekua, telefono zenbakia, eta historia kliniko laburra), eta baita REDMOko datu basean eta Munduko Emaile Boluntarioen Sarean emaile gisa agertzeko prest ere, jakinda bere identitatea 13/1999 Lege Organikoak babestuko duela.
Osasun egoera orokorra. Hezur muina 18 urtetik 55 urtera bitarteko pertsona osasuntsu guztiek eman dezakete. Hau da, bihotz-hodietako gaixotasunak, giltzurrunetako gaixotasunak, biriketako gaixotasunak, gibeleko gaixotasunak, edo etengabeko tratamendua behar duten gaixotasun kronikoak ez dituzten pertsonek eta B hepatitisaren, C hepatitisaren, edo hartutako immunoeskasiaren sindromearen (HIESa) birusak detektatzeko analisietan emaitza positiborik izan ez duten pertsonek.
Probak. Emaileak odol lagin bat atera diezaioten utzi beharko du, bere histobateragarritasun ezaugarriak aztertzeko. Gainera, laginaren zati txiki bat gorde dadin baimendu beharko du, etorkizunean gaixo bateragarri bat agertzen bada berriro odola atera gabe haren azterketan sakondu ahal izateko.