Odol-emate motak

Odol-emate arrunta. Emanaldi bakoitzean 450 ml odol atertzen dira, eta odola gatzatzearen aurkako soluzioak dituzten poltsetan sartzen da, baldintza egokietan gordetzeko. Odol-emate arruntetan, globulu gorrien poltsa bat (kontzentratua), plasma poltsa bat, eta beharrezkoa izanez gero, plaketa poltsa bat atera daitezke.

Maiztasuna. Gizonezkoek, gehienez 4 odol-emate egin ditzakete urtean, eta emakumezkoek, gehienez 3 odol-emate urtean. Odol-emateak 2 hilabeteko gutxieneko tartearekin egin behar dira.

Aferesi bidezko odol-ematea. Odol-emate mota berezia da; izan ere, makinen bidez odola ateratzen da, bere osagaiak bereizten dira, beharrezkoak direnak hartzen dira, eta gainerako odola emaileari bueltatzen zaio. Teknika bereziki onuragarria da gaixoentzat, beharrezkoak diren osagaiak odol-emate arruntetan baino askoz kantitate handiagoan ateratzen direlako, eta gainera, arriskua txikiagoa delako. Emailea berdin-berdin lehengoratzen da.

Maiztasuna. Beharrezkoa izanez gero, 15 egunean behin errepikatu daiteke. Dena den, aferesi bidezko bi odol-emateren artean 30 eguneko tartea uztea komeni da. Odol-emate arrunt baten eta aferesi bidezko odol-emate baten artean, berriz, 60 eguneko tartea utzi behar da.

Auto-transfusioa. Ebakuntza batean odol transfusio bat beharko duten gaixoekin erabiltzen den teknika da. Hala, ebakuntza egin aurretik, aste batzuk lehengo, odol unitate bat edo batzuk ateratzen zaizkio gaixoari, ebakuntzan bere odola isuraldatu ahal izateko. Osasun egoera onean dauden gaixoei bakarrik egiten zaizkie auto-transfusioak.